HAURRAK KANTUAN!

YouTube-tik hartutako bideo honetan, Venezuelako haur bat ageri da abesti bat kantatzen. Kantu hori, haur horrek asmatutakoa edo inprobisatutakoa da, eta hor ikusten da, haurrek sortzeko...duten abilezia. Ez hori bakarrik, sortu ostean, besteei erakusteko ausardia ere helduok baino gehiago edukitzen dute. Izan ere, adinean aurrera egin ahala, badirudi, lotsak ere gora egiten duela.
Dena dela, oso garrantzitsua da haurra gauza berriak sortzera bultzatzea, eta hori lantzeko jarduerak zein jolasak egitea.


http://www.youtube.com/watch?v=sR9qre4iOs8

ZER DA MUSIKOTERAPIA?

Antibiotikoak eta pilulak ez dira depresioari edo ezintasun fisiko bati aurre egiteko modu bakarra. Adituek, geroz eta argiago dute melodia lasaigarri bat edo gure barnetik ateratako adierazpen artistikoa mesedegarria izan daitekeela sendatze prozesuan. Ildo horretatik hainbat terapia jaio dira, baita musikoterapia bera ere.

Musikoterapia, melodia ezberdinek gure gorputzean sortzen dituzten sentsazioez baliatuz, musikaren bidez osasun arazoak saihesteko erabiltzen den teknika terapeutikoa da. Horrela, musikoterapiak, melodia ezberdinen bitartez, gaixotasunak sortzen dituzten kinadak erlaxatzen dituzten beste batzuk sortu eta bidaltzea du helburu.


Funtsezko lan eskemak 3 ezaugarrik osatzen dute:

  1. Gaixoaren elkarrekintza positiboa beste izakiekiko


  2. Autoestima


  3. Erritmoaren erabilera energiaren sortzaile bezala

Musikoterapiak, autoestimaren garapenean motibazio gisa jokatzen du autoerrealizazio sentsazioa sortzen duten teknikekin, autokonfiantza, autoasetasuna eta bakoitzak berekiko segurtasun handia lortzeko.

Bestetik, nahiz eta gaixotasunik ez izan, mota horretako jarduerak gomendagarriak suerta daitezke gure gorputza eta burua hobeto ulertzeko eta ditugun behar fisiko eta sentimentalak askatzeko. Hala, geroz eta ohikoagoak dira musika, dantza edo antzerkia erabiliz edozeini zuzenduta antolatzen diren ikastaroak, ume zein nagusi.

Pixkanaka-pixakanaka, terapia alternatiboak beren bidea egiten ari dira gure artean.

"HAUR-JOLASEN ABESTIAK"

Gaur egun, gero eta haur gehiago dira erdara hutsean kantatzen dutenak, bai jolastokiko orduan, bai eskolaz kanpo ere. Hori dela eta, euskaraz jolasteko abestien hutsunea zegoela ikusi zuten Josi Oiarbidek eta Xabier Zabala musikariek. Ondorioz, gabezi hori betetzeko helburuarekin "haur-jolasen abestiak" izeneko kaseta eta konpak diska kaleratu dute.



Bi musikari hauek, doinu alaiez bete dute beraien lana, bizitasuna emanez grabazioari. Lan honetan, Euskal Herriko bost ikastetxeetako haurrak hartzen dute parte, beste hainbat irakaslerekin batera. Horrez gain, Nafarroan izan zuten hutsunea ikusirik, arlo honetan esperientzia duen Andoni Sagastibeltzarengana jo zuten.

Grabazio honetan, musika eta abestiak grabatu ondoren, jolasak esplikatzeko moduko gidoia prestatu zuten, eta horretarako "Takolo, Pirritx eta Porrotx" pailazoen laguntza eduki zuten.

Beraz, helburuaren parte bat beteta zuten, hau da, lana burutzea. Ondoren etorriko zen helburuaren bigarren partea izango zena, abesti horiek haurrek ikastea eta erabiltzea, hain zuzen ere. Dena dela, musikari bi hauek argi uzten dute, abesti horiek haurrengana heltzeko ezinbestekoa dela irakaslearen lana, eta aldi berean, gurasoena.

Bestaldetik, lan hau Imanol Urbietaren omenez burutu dutela aipatzen dute Hik Hasin egin duten elkarrizketan, arlo honetan egin duen guztiagatik eta egiten ari den guztiagatik.

Azkenik, lanaren gaia alde batera utzita, musika irakasgaiaren inguruan ere jardun zuten hitzegiten, eta hauen hitzetan, musikak garrantzia dauka eta haurrak horretaz jabetzeko motibazioa dela giltza deritzote.

Nire ustetan, musikak oso eragin handia du haurrengan, bai Haur Hezkuntzan zein Lehen Hezkuntzan. Dena dela, ez zaio behar duen besteko garrantziarik ematen irakasgai honeri ikastetxeetan. Azken hauen funtsezko eginbeharra haurrak motibatzea da, eta hein batean lortzen dute, baina beste zati handi batean ez. Beraz, arlo horretatik zer landu badagoela uste dut.

Hona hemen, musikaren inguruko zenbait blog interesgarri. Guztietan, musikak hezkuntzan eta umeengan duen garrantziaz hitzegiten da, eta musikoterapiaren erabileraz:


1. Bloga: HAURREN AUTOESTIMARAKO TERAPIAK



Lehenengo blog hau oso interesgarria dela iruditzen zait. Honako honetan, musikak haurrengan duen garrantzia azpimarratzen du. Horrela, honen iritziz, musikak haurren motibazioan, segurtasunean...eragin nabarmena du, eta hau lantzea komenigarritzat hartzen du.




2. Bloga: MUSIKA


Honako blog honetan, berriz ere musikaren garrantzia nabarmentzen du, bai haurra jaio orduko, zein jaio ondoren. Umeen garapen prozesuan ezinbesteko ezaugarria da musika, bai etxean zein eskolan.






3. Bloga: JOLASA ETA MUSIKA

Hirugarren eta azken blog honetan, musikak hezkuntzan duen garrantzia aipatzen du. Honen hitzetan, musika haurraren garapen prozesurako funtsezkoa da, izan ere, musikaren bitartez haurrek hainbat kontzeptu lantzen dituzte (koloreak, zenbakiak...). Modu honetan, haurrak motibatuta eta pozik daude, beraien ikasketa errazago burutuz.


Azkenik aipatzekoa da, musikoterapiak, azken urteetan, izugarrizko gorakada izan duela hezkuntzan, batez ere Lehen Hezkuntzan eta Haur Hezkuntzan.